XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honela, Russel-ek gertakari batzuren existentzia baieztatu zuen, gertakari horien faktikotasuna, errealitateak zerikusirik ez duelarik ezagunak izatearekin ala ez.

Gertakariak eman egiten dira, gertatu egiten dira eta, pentsamendu edo gogo batek ezagutzen baditu ere, diren bezalakoak dira.

Hona hemen errealismo enpirikoaren tesia bete-betean.

Gertakarien egiak, bestalde, pluraltasunean ematen direnez, ez du zerikusirik suposaturiko totalitatearekin, ezta beste gertakarien egiarekin ere.

Hona hemen, bada, pluralismoaren tesia.

Abiapuntu bikoitz honek errealismoak, pluralismoak analisiaren bidea urratu zuen filosofi metodo gisa.

Atomismo logikoa bilakabide filosofiko honen ondorio logikoa dugu.

Zertan datza atomismo logikoaren ontologia, eta zertan beronen analisiaren kontzeptua? Mintza bekigu Russell bera: (Ezagut eraziko dut)... doktrina-mota logiko bat matematikaren filosofiatik ateratzen dena, nire ustez, ez bide logiko hertsi batetatik, geroagoko gogoeta baten ondorio gisa baizik: doktrina-mota logiko bat, berezia eta jakina, eta beraren oinarrian, metafisika-mota jakin bat.

Proposatu behar dudan logika logika atomista da, Hegel-i nolabait segitzen diotenen logika monistatik bereizteko.

Nire logika atomista dela diodanean, zera adierazi nahi dut: guztiz bat natorrela zentzuaren sinesmenarekin, gauza desberdin ainitz badagoela alegia.

Ez dut pentsatzen, ezta inola ere, itxurazko aniztasuna Errealitate bereizgaitz bakar baten aldiaren desberdintasun batetara edo beronen zatiketa irrealen desberdintasunera murrizten denik.

Hemendik ondorioz ateratzen dena zera da: egin behar denaren parte handi bat metodo analitikoaren justifikazioan egongo dela nire filosofia mota hau justifikatzeko.

Eta aurreraxeago: Horra zergatik deitzen dudan neure doktrina atomismo logikoa analisiaren azkeneko hondakin gisa, lortu nahi ditudan atomoak, atomo logikoak direlako, ez atomo fisikoak.

Horietariko batzu izanen dira nik partikularrak kolore-makula txikiak bezalako gauzak edo soinuak, gauza iheskorrak eta bapatekoak deitzen ditudanak, beste batzu predikatuak edo erlazioak izanen dira eta estilo horretakoak.

Garrantzizkoa da atomo hori analisi logikoaren atomoa izatea, ez analisi fisikoarena (B. Russell: The Philosophy of logical atomism, 1919).

Russell-en ontologiaz jabetzeko honako bi tesi hauek hartu behar ditugu kontutan: a) Hizkuntzaren eta errealitatearen artean egokitzapen isomorfikoa dago.

b) Errealitatea aditzera ematen duen hizkuntza, hizkuntza ideala da.